XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Askoz aurrerago joan baino lehen, arraunetariko baten pala iltzaturik geratu zen uretan eta ez zuen berriz askatu nahi izan (Alicek geroago azalduko zuenez), eta ondorioa izan zen eskutokia kokotsaren azpian sartu zitzaiola eta Alice gajoak ai, ai, ai! txilio batzu bota arren, esertokitik atera zuen zuzenki, eta ihi metara igorri.

Hala ere, ez zuen min txikienik ere hartu, eta laster zutitu zen atzera; Ardiak bere puntuarekin segitzen zuen denbora guztian, ezer gertatuko ez balitz bezala.

- Bai karramarro polita hartu duzuna!- adierazi zuen Alicek bere esertokira itzultzen zen bitartean, pozik txaluparen barruan segitzen zuela konturatzean.

- Polita zen? Ez dut ikusi esan zuen Alicek, txaluparen kareletik ur ilunei begiratuz.

- Ihes egin izan ez balit... hainbeste gustatuko zitzaidakeen karramarrotxo bat etxera eramatea! - Baina Ardiak soilik barre erdeinagarri bat bota eta bere puntuarekin segitu zuen.

- Karramarro asko dago hemen? esan zuen Alicek.

- Karramarroak eta era guztietako gauzak esan zuen Ardiak: aukera zabala, aukeratzea besterik ez duzu. Ea, zer erosi nahi duzu?.

- Erosi! oihartzun egin zuen Alicek doinu erdi harritu erdi ikaratu batez....

Izan ere, arraunak, eta txalupa, eta erreka, denak desagertu ziren une batetan, eta atzera dendatxo ilunean zegoen.

- Arraultze bat erosi nahi nuke, mesedez esan zuen herabeki -. Zenbatean saltzen dituzu?.

- Bost penny bakoitza... bi penny bi erosiz gero - erantzun zuen Ardiak.

- Orduan, bi bat baino merkeagoak dira?- esan zuen Alicek harridura doinuz, diruzorroa ateraz.

- Bai, baina bi erosiz gero, biak jan behar dituzu esan zuen Ardiak.

- Orduan bat eramango dut, mesedez - esan zuen Alicek, diruzorroa salmahaian jarriz.